2008/01/27

SEGIKO KIDE IZATEARREN 6 GAZTE ESPETXERA!


Berria.info

Lea-Artibain atxilotutako zortzi gazteetatik sei kartzelatzeko agindu du Fernando Grande-Marlaska epaileak. Beste biak baldintzapean aske utzi ditu, 6.000 euroko bermea ordaindu ostean. Segi erakundeko partaide izatea eta kale erasoak egin izana egotzi die.

Honako sei lagun hauek espetxeratzeko agindu du Marlaskak: Estebe Gandiaga, Borja Oregi, Eneko Ostolaza, Iban Etxebarria eta Urko Pagoaga markinarrak eta Zaloa Zenarrutzabeitia etxeberriarra. Ainhoa Pagoaga 20 urteko markinarra eta Eneko Etxaburu 18 urteko ondarroarra, berriz, baldintzapean aske geratu dira. Astero epaitegira joan beharko dute, eta ezingo dira Espainiako mugetatik kanpo atera.

Inkomunikatuta deklaratu zuten gazteek, lauk goizean eta beste laurek arratsaldean. Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsitakoan ezin zituztela gazteak defendatu adierazi zien epaileak abokatuei, eta ondorioz konfiantzazko abokaturik gabe deklaratu zuten.

Atxilotu zituzten unetik inkomunikatuta eduki dituzte. Askatasunaren arabera, inkomunikazio aldia kameraz grabatzeko, senideei haien egoeraren berri emateko eta konfiantzazko mediku batekin egoteko aukera emateko eskatu zioten atxilotuen abokatuek Grande-Marlaska epaileari. Baina ukatu egin zuen eskakizuna. Hori dela eta, gazteak torturatuak izan zitezkeen beldur izan dira.

Eskualdeko hainbat lagun bertaratu ziren atzo Madrilera atxilotuei elkartasuna adierazteko asmoz. Horrez gain, manifestazioa egin zuten arratsaldean Markina-Xemeinen Inkomunikazioa=tortura errepresiborik ez! lelopean. 800 lagun inguru elkartu ziren, eta biharko ere mobilizatzera deitu dute. 13:00etan manifestazioa egingo dute Markina-Xemeingo arkuetatik hasita.

Azken sei hilabeteetan antzeko bost operazio egin dira Euskal Herrian. Urtea hasi zenetik hamar lagun kartzelatu dituzte kale erasoetan parte hartzea egotzita.

Garan ikusi->

No comments: